Juan Luis Goenagaren ibilbide artistikoa batuko dabe liburu baten

Nerea argitaletxeak Petronorren laguntzinoagaz kaleratuko dau lana urrian.

Donostiako margolariaren bizitzeari eta lanari errepasoa egingo deutsie Juan Luis Goenaga izenburuko liburuaren bidez. Urrian argitaratuko dau lana Nerea argitaletxeak, Petronorren laguntzinoagaz. Liburuak Mikel Lertxundi eskultorearen testuak batuko ditu euskeraz, ingelesez eta gaztelaniaz. Berbaurrea, barriz, Miguel Zugaza arte-historialari eta museografo ospetsuak onduko dau. Bilboko Arte Eder Museoan, Madrilgo Reina Sofia eta Prado Museoetan eta beste hainbat arte-erakundetan lan egin dau azken honek.

Juan Luis Goenagaren obrea 1970eko hamarkadan egin zan batez be ezagun eta Euskal Herriko margolaririk handienetakoa bihurtu da gaur egun. Haren lanak euskal orografian eta kliman inspirauta dagoz, sorterriagaz sentiduten dauen atxikimendu sakona islatuz.

Bere estilo espresionista eta materikoak labar-pinturearen eta euskal paisajearen eta mitologiaren inguruko gai etnografikoak lantzen ditu. Horreetara distira gorri, berde eta hori biziagaz buztartutako tonalidade ilunen laguntzinoagaz heltzen da batez be.

Ibilbide artistiko luzean, margolariak bikoteen munduan eta biluztasunean be interesa izan dau, gai horreen ganeko serieak eta erakusketak landuz.

Kontuak kontu, argitalpena Petronorren 50. urteurrenagaz bat dator, izan be, konpainiaren filosofiari jarraituta, Petronorrek inguruko kultura garapena bultzatzen dau, hainbat erakundegaz batera gauzatutako lankidetza bidezko jarduerak babestuz.

Vía Bizkaie!